3 Urria, 2018

Profil profesionalak, erizaintzako laguntzaileak

Aste honetan, gure profil profesionalen atalean, Antxoni Lazcano eta Itxaso Carballo ditugu, Onkologikoko Eguneko Ospitaleko erizaintzako laguntzaileak.

Zenbat denbora daramazue Onkologikoan lanean?

Antxoni: 16 bat urte.

Itxaso: 2009. urteaz gero. Praktikak egin ondoren, onkologiko zaharrean hasi nintzen, eta harrezkero 8 urte igaro dira. Onkologia medikoko zerbitzuan hasi nuen ibilbide profesionala, nahiz eta urte batzuk igaro izan ditudan ospitaleratze arloan.

Zertan diharduzue zuen eguneroko zereginean? Zein dira zuen egiteko nagusiak?

Antxoni: Gure eguneroko zereginean hamaika gauza egiten ditugu, baina laburbilduz: gure zerbitzura datozen pazienteei eta senitartekoei harrera egitea eta laguntzea (azterketetan, tratamenduetan edo lehenengo bisitetan), eta une oro behar dutena eskaintzea. Telefono deiei ere erantzuten diegu, eta hango guztiak ebatzi: izan larrialdiren bat edo izan administrazio gaiak.

Itxaso: Pazienteen hitzordu ugariren plangintzan eta antolamenduan laguntzen dugu, azalpenak ematen dizkiegu, eta egin behar duten prozeduran orientazioa eskaintzen diegu. Gainera, dituzten beldurrak arintzen edota zalantzak argitzen ahalegintzen gara. Onkologoekin eskuz esku egiten dugu lan eguneroko kontsultetan. Kontrola daramagu, eta lana errazten eta arintzen saiatzen gara. Era berean, Eguneko Ospitaleko erizainekin koordinatzen gara. Eta hori guztia pazienteari ematen diogun laguntzaren kalitatea hobetzeko.

Zuen ibilbide profesionalean zehar beste arlo batzuetan lan egiteko aukera izan duzue. Zer nabarmenduko zenukete Eguneko Ospitalean egiten duzuen lanetik?

Antxoni: Taldeko lana nabarmenduko nuke nik. Koordinazioa oso garrantzitsua baita. Guztiok parte hartzen dugu zeregin gehienetan; betiere, pazientearen ongizatea bilatuz.

Itxaso: Nabarmenduko nukeen gauzetako bat da, hain zuzen, profesionalaren eta pazientearen artean sortzen den lotura. Denbora asko igarotzen dute gurekin onkologia zerbitzuan. Iraupen luzeko tratamenduak egin behar izaten dituzte, hainbat prozesu igaro behar izaten dituzte, eta guztion artean oso harreman estua sortzen da: hasi gaixotasunaren diagnostikoaren berri jasotzen duten egunetik, eta tratamendua amaitu eta azterketak egiten hasten diren arte.

Antxoni: Bestalde, nabarmenduko nuke, nahiz eta gauza gehienak programatuta egon, eta ordena bati jarraitu behar izaten zaion, beti gertatzen direla ezustekoak, eta azkenerako, egun guztiak izaten direla desberdinak.

Nolakoa imajinatzen duzue Onkologikoko Eguneko Ospitalea etorkizun hurbilean? Nolakoa gustatuko litzaizueke izatea?

Antxoni: Erosoagoa; alegia, itxaron denborak laburragoak izatea eta horiei etekin handiagoa ateratzea, eta egonaldiak atseginagoak izatea.

Itxaso: Gustatuko litzaigukeen beste gauza bat da, hain zuzen, tratamendu batzuen iraupena ez izatea hain luzea, albo ondorio gutxiago izatea eta ez izatea hain gogorrak pazienteentzat. Nahiz eta egia den gaur egungo tratamendu antineoplasikoak ez direla garai batean bezain gogorrak, eta geroz eta gehiago direla pazienteen onurarako sortu diren tratamendu berriak.

Honako hau ere interesa dakizuke

24 ordu igaro aurretik deituko dizugu

Bete zure datuak, eta adierazi zergatik deitu duzun, geure arteko harremana ahalik eta pertsonalizatuena eta eraginkorrena izan dadin.

Nahi izanez gero, zeuk ere dei diezagukezu

943328000

  • Datu pertsonalak babesteari buruzko apirilaren 27ko 2016/679 Europako Araudia eta duen babesari buruzko Espainiako araudia betetzeko, ONKOLOGIKOAK jakinarazi nahi dizu galdetegi honetan ematen dituzun datu pertsonal guztiak aurretiko hitzordu eskaerarako baino ez ditugula erabiliko. Oro har, datuak 5 urtean gordeko ditugu. Erabiltzeko zilegitasuna, hain zuzen, zure adostasun adierazian oinarritutakoa da, indarrean dagoen araudiarekin bat etorrita. Nolanahi ere den, gogorarazi nahi dizugu datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko, ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko, datuei aurka egiteko edo datu pertsonalak eramateko eskubideak baliatzeko aukera daukazula, indarrean dagoen araudiarekin bat etorrita. Zure datu pertsonalen erabilerari buruzko informazio gehiago jakin nahi baduzu, kontsultatu gure Datuen Babeserako Politika.