Gaur, gure profil profesionalen atalean, Maite Melgar, Ane Urtzelai eta Olaia Echeverria ditugu, ebakuntza gelako erizainak eta mikropigmentazioko espezialistak. Gainera, Onkologiako Jardunaldi Estetikoen 3. edizioko tailerretan parte hartuko dute, bihar.
Zenbat denbora daramazue Onkologikoan lanean?
Ane da beteranoena: 11 urte daramatza Onkologikoan lanean. Gero Maite dago, zentro berria inauguratu zuena. 2009ko uztailean hasi zen. Azkenik, Olaia, aurreko apirilean hasi zena.
Zertan diharduzue zuen eguneroko zereginean?
Ebakuntza gelako erizainak gara. Gure egunerokoan, ondo definitutako lau rol dauzkagu: anestesia erizaina, zirkulatzailea, instrumentugilea eta REAkoa. Egiten ditugun lanen artean daude, besteak beste, ebakuntza gela prestatzea, anestesia gailua kontrolatzea, materiala prestatzea, botika prestatzea…
Zer da zuen lanetik gehien gustatzen zaizuena?
Taldeko lana, kirurgiari dagokion gure arloan oso garrantzitsua baita. Egiten ditugun erizaintza teknikak; betiere, pazientearen onuran pentsatuz.
Azaldu nola etorri zitzaizuen mikropigmentazioaren arloan lanean hasteko ideia.
Maite: Duela 6 urte, lanik gabe geratu nintzen, eta pentsatu nuen ideia ona izan zitekeela mastektomia baten ondorioz areolarik eta titibururik gabe geratu ziren pazienteei areolak tatuatzea. Tatuatze zentroetan ikertzen hasi nintzen, eta esan zidaten pertsona batzuk soil-soilik mikropigmentazio paramedikoan aritzen direla. José Manuel Santosi egin nion kontsulta, eta esan zidan ideia ona zela. Ikastaro bat egitera animatu ninduen. Sabadellera joan nintzen, ikastaroa egin, eta makina erosi nuen.
Ane: Duela bi urte, Anerekin hitz egin nuen, eta esan zidan ea animatuko ote nintzatekeen berarekin mikropigmentazioa egiten. Beti gustatu izan zait margotzea, eta ideia ona iruditu zitzaidan. Elkarrekin joan ginen ikastaroa egitera, hemen, Donostian.
Halaxe hasi ginen biok. Eta Olaia langabezian geratu zenean, esan zigun ikusi zuela mikropigmentazioari buruzko ikastaro bat zegoela Bartzelonan. Geuk egiten genuela esan genion. Gure esperientziaren berri eman, eta aipatu genion ez geundela oso pozik emaitzekin.
Azkenean, hirurok joan ginen Bartzelonara. Han, Olaiak ikusi zuen ikastaroa egin genuen, zeregin horretan 30 urte eman dituen erizain batek emandakoa. Ikastaro hartatik oso gustura itzuli ginen.
Pozik al zaudete lortutako emaitzekin? Zer-nolako erantzuna eman dizuete pazienteek?
Oraindik goiz samar da emaitzekin %100 pozik gauden esateko; izan ere, denbora gutxi daramagu teknika honekin. Halere, orain arte ikusitakoa asko gustatu zaigu, eta, oro har, pazienteek ere gustura daudela esaten digute. Beraz, gustura ari gara lanean, aurrera egiteko ilusio handiz.