Sarrera
Zer da minbizia?
Portaera kliniko eta ebolutibo desberdinak baina ezaugarri komunak dituzten gaixotasunen multzo bat da.
Minbizi guztiak zeluletan hasten dira, hau da, organismoaren oinarrizko bizi-unitateetan. Duten hazkundean edo zatiketan modu kontrolatu gabean aldatzen direnean, masa edo tumore bat garatzen dute. Fenomeno hori non gertatzen den kontuan izanda, minbizi hori izan daiteke: bularrekoa, kolonekoa, prostatakoa, birikakoa, eta abar.
Gerta liteke masa-efekturik ez egotea, adibidez odoleko edo linfa-sistemako minbizia: Leuzemiak, Linfomak, Mielomak, eta abar.
Minbizi batek organismoaren beste lokalizazio batzuk inbaditzeko ahalmena du, hasierako fokuaren aldameneko edota urruneko egiturak: metastasia.
Ohikoena ez den arren, pertsona berak bi tumore desberdin edo gehiago izan ditzake.
Minbizien ehuneko txiki bat hereditariotzat jotzen da.
Diagnostiko eta Tratamendu Unitateen komenigarritasuna
Minbizia oso gaixotasun konplexua denez, azterketa, diagnostiko eta tratamendu egokiak egiteko espezialitate desberdinetako mediku eta erizainen konplizitatea behar du, baita pazienteari eta familiari babesa emateko unitateak ere.
Zer egiten du Diagnostiko eta Tratamendu Unitate batek?
Ospitalera iristen diren minbizi espezifiko baten paziente berri guztiak aztertzen dituen espezialista-talde bat da. Astero biltzen da, eta kasu bakoitzerako egokiena den estrategia diagnostiko eta terapeutikoa planifikatzen du.
Gainera, tratamendu desberdinak planifikatzen ditu: kirurgikoa, kimioterapikoa, erradioterapikoa, eta abar, ahalik eta modurik azkarrenean.
Bestalde, bigarren iritzia eskatzeko kontsulta batetik datozen minbizi mota horren kasuak aztertzen eta informatzen ditu, eta eskaera egin duten pertsonekin elkarrizketa egiten du.
Protokolo terapeutikoa aldizka berrikusten eta eguneratzen du, eta tumore motari lotutako aktualitateko gaiak azaltzen ditu.
Deskribapena eta minbizi motak
Goiko digestio-bideko eta goiko arnasbideko tumoreen diagnostikorako eta tratamendu espezifikorako Unitatea da. Minbizi horien artean, honako hauek aipa daitezke: aho-barrunbeko minbizia (masailezurra eraginpean hartuta edo eraginpean hartu gabe), listu-guruinetako minbizia (guruin parotidetakoa eta masailezurpeko guruinetakoa), faringeko, laringeko, sudur-hobietako eta sinu paranasaletako minbizia eta buruko eta lepoko larruazaleko minbizia.
Aho-barrunbea
Aho-barrunbeak ezpainak, mihia, ahoko zorua, masailak, bi masailezurrak eta hortzak biltzen ditu. Eremu horretan agertzen diren tumoreak pazienteak berak nabaritzen ditu, ultzerazioak, odoljario txikiak edota aho barruko orban edo nodulu zuri edo gorrixkak izaten baitira. Diagnostiko goiztiarra funtsezkoa da eremu horretan. Izan ere, diagnostikoa berandu egiten bada, oso erresekzio kirurgiko handiak egin behar dira, eta erresekzio horiek, mastekatzeko, hitz egiteko eta irensteko zailtasunak ekartzeaz gain, pazientearen bizi-kalitatea narria dezakete, nahiz eta tumorea sendatu.
Listu-guruinak
Listua sortzeko sistema osatzen duten guruinak honako hauek dira: listu-guruin handiak (guruin parotidak, masailezurpekoak eta mihipekoak) eta listu-guruin txikiak (aho-barrunbearen barrualde osoan hedatuak). Listu-guruinetako minbizi mota asko daude, gaiztotasun txikikoekin hasi eta oso gaiztotasun handikoekin amaitzeraino. Lepoan edo aho barruan koskor bat agertzen denean egiten da diagnostikoa. Zenbait kasutan, ziztada bat egin behar da tumorean, operazio aurreko diagnostikoa behar bezala egiteko. Nolanahi ere, gutxitan egiten da proba hori. Tratamendu nagusia kirurgia da, eta, oso kasu berezietan, kimioterapia edo erradioterapia erabiltzen da.
Faringea
Janaria eta airea sudurretik eta ahotik laringera eta esofagora garraiatzen dituen organo tubularra da faringea. Hiru atal ditu, goitik behera: nasofaringea, orofaringea eta hipofaringea. Bakoitzak bere ezaugarri bereziak ditu.
Nasofaringea edo cavum nasi (sudur-hobiak)
Sudur-hobien hondoan dago. Bertan agertzen diren tumoreek ez dute zerikusirik tabakoaren edo alkoholaren kontsumoarekin, bai, ordea, birusekin edo arraza-jatorriari lotutako faktore genetikoekin. Herrialde guztietan agertzen badira ere, Magreben eta Asiako hegoaldean ugariagoak dira. Belarriren batean buxadura-sentsazio iraunkorra izaten denean, lepoan koskor bat agertzen denean edo sudurreko odoljario txikiak eta ugariak izaten direnean diagnostikatzen dira sarritan. Nasofaringeko tumore horietarako tratamendua ez da kirurgikoa. Beraz, diagnostikatzen direnean hainbat erradioterapia-protokoloren bidez tratatzen dira (zenbaitetan kimioterapia ere erabiltzen da aldi berean).
Orofaringea
Ahoaren atzealdeak, amigdala palatinoek eta mihiaren oinarriak osatzen dute orofaringea. Bi tumore mota agertzen dira eremu horretan: tabakoaren eta alkoholaren kontsumoari lotutako tumoreak eta giza papilomaren birusak eragindako infekzioari lotutako tumoreak. Bi tumore horiek gaiztoak dira, eta, oraingoz, modu berean tratatzen dira. Elkarren artean bereizteko proba espezifikoak daude. Izan ere, giza papilomaren birusak eragindako infekzioari lotutakoek hobeto erantzuten diete tratamenduei, eta epe luzerako pronostiko hobea izaten dute. Lepoan koskor bat agertzen denean, irenstean mina edo zailtasuna nabaritzen denean, ahoko odoljario ugari izaten direnean edota hanturaren, erresuminaren edo eztarria hartua izatearen sentsazioa agertzen denean diagnostikatzen dira. Tratamendu nagusia interbentzio kirurgikoa da, eta, zenbaitetan, erradioterapia erabiltzen da, aldi bereko kimioterapiarekin edo gabe. Interbentzio kirurgikoa egiten ez den kasu jakin batzuetan, hainbat kimioerradioterapia-protokolotan datza tratamendua.
Hipofaringea
Eztarriaren eta esofagoaren (hots, digestio-bidearen sarreraren) arteko konexioa da. Eremu horretan sortzen diren tumoreak oso lotuta daude laringeko tumoreekin. Izan ere, paziente askoren kasuan, eremu horretako tumoreek laringea hartzen dute eraginpean, eta alderantziz. Normalean, lepoan koskor bat agertzen denean, irensteko zailtasuna izaten denean, ahotsa aldatzen denean edo airea falta den sentsazioa izaten denean diagnostikatzen dira. Kasu goiztiarretan, soluziorik egokiena kirurgia izaten da, baina, tumore aurreratuen kasuan, oso kirurgia erradikalak behar dira, eta, zenbaitetan, kimioterapia-protokoloak ere bai. Laringearen kasuan bezala, duela zenbait urtez geroztik mutilazio-kirurgiak saihets daitezke kimioerradioterapiaren bidez. Organoa kontserbatzeko tratamenduari esker, laringe-mutilazioa kasuen % 60tan saihesten da, tratamenduaren eraginkortasuna txikixeagoa bada ere. Interbentzio kirurgikoa ezinezkoa denean, hainbat kimioerradioterapia-protokolotan datza tratamendua.
Laringea
Ahotsaren emisioa ahalbidetzen duen, airea biriketara iristen uzten duen eta elikagaiak irenstean janaria biriketan sartzea eragozten duen organoa da laringea. Laringeko tumore baten hasierako sintomak honako hauek dira: ahots-aldaketak, elikagaiak igarotzeko zailtasuna, eztula likidoak irenstean, odoljario txikiak eztul egitean eta koskorrak lepoan. Kasu goiztiarretan, laser bidezko edo kanpoko kirurgian datza tratamendua. Kasu aurreratuetan, berriz, kirurgia erradikalagoak (trakeotomia iraunkorra eta ahotsa galtzea dakartenak) erabil daitezke, eta, ondoren, kimioerradioterapia ere bai. Bestela, hipofaringearen kasuan bezala, kimioerradioterapia-tratamendu konbinatuak aplika daitezke, organoa kontserbatzen saiatzeko (arrakasta-ehuneko berdinarekin).
Sudur-hobiak eta sinu paranasalak
Sudur-hobietako eta sinu paranasaletako tumoreek sudurreko arnasaren butxadura, mukositatea odolarekin nahasita, usaimenaren galera edo aurpegialdeko masak sorrarazten dituzte hasieran. Diagnostikoa biopsia bidez egiten da, eta, tratamenduaren barruan, interbentzio kirurgiko bat egiten da. Normalean, hainbat ebaki egiten dira sudurraren inguruan, eta, gaur egun, sudur-hobietatik egiteko joera dago, endoskopia-sistemen bidez. Edonola ere, tumoreak fase aurreratuetan ere diagnostikatzen dira, eta, kasu horietan, erradioterapia-tratamendu osagarri bat behar izaten da.
Buruko era lepoko larruazaleko minbizia
Larruazaleko minbizia ohikoena da gizakiengan. Esan ohi denez, larruazaleko minbiziak gainerako minbizi mota guztiak batera baino ugariagoak dira. Sintoma nagusia sendatzen ez den eta odoletan egon ohi den larruazaleko orban edo ultzerazio bat izaten da. Eguzkiak ematen duen lekuetan maizago agertzen da. Tratamendua kirurgikoa da funtsean, eta, zorionez, kasu gehienetan tumoreak goiz diagnostikatzen dira eta anestesia lokalarekin egindako interbentzio kirurgiko txikiekin sendatzen dira. Fase aurreratuetan diagnostikatutako kasuetan, operatutako eremua beste leku batzuetako larruazalarekin ordeztu behar izaten da. Zenbaitetan, tumoreko kirurgiaz gain, lepoko gongoil zerbikaletakoa behar izaten da, eta, kasu jakin batzuetan, erradioterapia-tratamendu osagarria ere bai. Kokapenagatik kirurgia bidez tratatu ezin diren lesio txikien kasuan, erradioterapia esklusiboa erabiltzen da.